XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KIROLAZ-KIROLA. RUGBIAN

- Lehen saileko xapelgoaren finala laurdenak igandean jokatu dira.

Gure eskualdeko andana bihi bat ez zen heldua mail hortarat.

Lau partidek arrakasta gaitza ukan dute Narbonako andana famatua, Miarritzeren garhaitzalea, kanpo gelditu da, Bègles hirikoek bentzuturik.

Akizekoak berriz ere nausitu dira eta ondorioz finala erdietan ariko dira, ez baitzaiote guti eder.

Eskualdun bat badute beren artean, eta ez nola nahiko jokolaria, Azareté aintzinlaria, sortzez Urruñarra.

Finala erdietan heldu diren bertze andanak dira Brive hirikoa eta Tolosako Stade delakoa Agen hirikoen kontra nausitu zena Miarritzen.

- Bigarren sailean, gora Mauleko Xuberotarrak! Jaz Donibane Lohizunek egin zuen balentria sail berari lotuak dira eta ez dakigu xapeldun aterako direnetz, bainan finala-erdietarat hupatuak dira molde hautean: igandean, garhaitu dituzte eta beraz kanpo ezarri Avignon hirikoak, 11 eta 9.

DENETARIK

- Pabeko auto sariketa handian, Rindt Autrixianoa deneri nausitu da, kasik burutik buru aintzinean ibilirik.

Beltoise Frantsesa bigarren jali da, molde ederrean ihardokirik.

- Bizikletadun edo txirrindularien sailean, mugaz bertzaldeko eskual-probintzien itzuliak arrakasta handia ukan du.

Bostpasei haitadetan egin da eta hor kausitu dira oraiko xapeldun aipatuenak.

Denbora-arauka eta bakarka egin den haitadan Gernikatik Bilborat Poulidor Frantsesa nausitu da, bigarren Ocana eskualduna, hirugarren Anquetil, hau ere Frantsesa, eta famatuenetarik dakizuen bezala.

Haatik, segidatzeari buruz, Poulidor eta Ocanak sobera beranta bazuten aintzineko egunetan bildua eta Anquetil da lehen atera haitada hortarik landa.

Undar haitadan, Bilbotik Arrasaterat, Perurena eskualduna heldu da lehen, bainan ez du horrek deus kanbiorik ekarri segidatzean.

Denen buru, Anquetil deneri nausi, haren ondotik Gabica, Diaz, San Miguel, Castello eta Ocana, denak mugaz haindikoak, eta zazpigarren Poulidor...

J.B.D.